XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

3 GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO XEDAPEN OROKORRAK

Gipuzkoako Foru Aldundia

Azaroaren 19ko 10/1996 FORU ARAUA, Itziar Debako udalerritik bereizteko eta udalerri berria eratzeko eskaerari buruzkoa.

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA Azaroaren 19ko 10/1996 FORU ARAUA, Itziar Debako udalerritik bereizteko eta udalerri berria eratzeko eskaerari buruzkoa GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK,

Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek azaroaren 19ko 10/1996 Foru Araua, Itziar Debako udalerritik bereizteko eta udalerri berria eratzeko eskaerari buruzkoa onartu dutela, eta nik aldarrikatu eta argitara eman dadin agintzen dut, aplikagarri zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.

Donostia, 1996ko azaroak 19.- Roman Sudupe Olaizola, Diputatu Nagusiak.

(12213) AITZINSOLASA

1990ean hasi ziren Debako lurralde zati bat uldalerritik bereizteko eta Itziar izeneko udalerri independente berria eratzeko espedientea formalizatzearren behar ziren kudeaketak egiten.

Xede hori zuela, 1990eko uztailaren 16an Itziar Debatik Bereizteko Batzordea sortu zen notario-eskrituraren bitartez.

Itziar Debatik Bereizteko Batzordeak Biztanleria eta Lurralde Mugaketako Erregelamenduaren 14. artikuluak eskatzen duen espedientea egin eta, 1992ko uztailaren 23ko idatziaren bitartez, Debako Udalean aurkeztu zuen 1992-07-30ean.

Debako Udaleko Alkatetzak 1992ko abuztuaren 5ean emandako dekretu batez, espediente hura jendaurreko erakusketan jarri zen, urriaren 15era arte, uda sasoia zenez gero.

Iragarkia, komunikabide ofizialetara eta bidezko iritzitako egunkarietara ez ezik udalerriko auzotar guztiei bidaltzea erabaki zen.

Erakustaldiaren iragarkia Udaletxeko iragarkitegian eta Gipuzkoako ALDIZKARI OFIZIALEAN 160 zenbakian, 1992ko abuztuaren 25ekoan, argitaratu zen.

Jendaurreko erakustaldian hamar alegazio idazki aurkeztu ziren, honela sailka daitezkeenak:

1) Hiru alegazio idazki Partido Socialista de Euskadi-PSOE, Euskal Ezkerra eta Eusko Alkartasuna alderdi politikoek aurkeztuak, Itziar Debatik bereiztearen kontra zeudela adierazten zutenak.

2) Itziar Debatik Bereizteko Batzordearen idazki bat, jendaurreko erakustaldian Udalak banatu zuen informazio oharrarekin ados ez zeudela adierazten zuena.

3) Bost alegazio herriko auzotarrek era pertsonalean aurkeztuak, arrazoi ekonomikoak, historikoak eta lurraldekoak zirela eta, Itziar Debatik bereiztearen kontra zeudela aditzera ematen zutenak.

4) Alegazio idazki bat Debako 1.609 auzotarrek izenpetua.

Izenpetzaileek Debako lurraldearen zati bat hartatik bereizi eta udalerri berria eratzearen kontra zeudela adierazteaz gainera, Udalari eskatzen zioten erabat kontra zegoela adierazteko erabakia har zezan.

Debako Udalak Iker-Talde enpresari eskatua zion Itziar Debako udalerritik bereizteko eskaerari buruzko azterketa bat egiteko, eta Itziar Debatik Bereizteko Batzordeak behin proposamena aurkeztu ondoren enpresa hark azterketa osagarri bat egin zuen.

Jendaurreko erakusketa amaitu eta gero, udal aholkulariak irizpen juridikoa eman zuen.

Irizpena Itziar Debatik bereiztearen kontrako alegazioen aldekoa zen, bereizketa eskaerak ez zuelako betetzen Biztanleria eta Lurralde Mugaketako Erregelamenduak 3. artikuluan xedatzen duena.

Halaber, udal idazkariak ere txostena egin zuen eta haren konklusioa zen eskatutako bereizketak kalte nabaria egingo liokeela udalerriari, legez derrigorrezkoak diren udal zerbitzuak eta bertako herritarren bizi-kalitatea hobetzeko beharrezkotzat jotzen ziren gainerako zerbitzuak eraginkortasunez eskaintzeko behar ziren diru baliapideak murriztuko liratekeelako.

Espedientea osaturik, Debako Udalak, 1992ko abenduaren 2an izandako Batzarrean, eskatutako bereizketaren aurka erabat zegoela aditzera emateko erabakia hartu zuen aldeko zazpi botoz, kontrako batez eta bi abstentzioz.

Itziar Debatik bereizteari buruzko espediente administratiboa eta bideragarritasun azterketak Foru Aldundira bidali ondoren bertan egindako txostenean, bereizketa espedientearen alderdi batzuk osatu edo zehaztu beharra eman zen aditzera.

Txostena Itziar Debatik Bereizteko Batzordera eta Debako Udalera bidalita, Batzordeak espedientea osatu zuen eta, Iker-Taldek baloratu ondoren, Debako Udalak irizpena eman zion.

Hala, Udal Batzarrak, 1993ko azaroaren 25eko bileran, aldeko botoak zazpi eta kontrakoak lau zirela, eta Iker-Taldek egindako txostena bere eginez, Itziar Debatik Bereizteko Batzordeak aurkeztutako Azterketa Osagarria ezetsi zuen.

Proposatzen den bereizketa legezko beharkizunen aldetik bideragarria den aztertu ahal izateko, bereizketa espedientearen edukia eta lehen aipatutako dokumentu osagarriak ikusi behar dira, eta horietan ondoren aipatzen diren alderdiak dira azpimarratu beharrekoak:

A) Biztanleria eta Lurralde Mugaketako Erregelamenduak 6. artikuluan aipatzen duen lehenengo beharkizuna onura publikoko arrazoi iraunkorrak geratzea da.

Horri dagokionez:

1) Debako udalerriak gaur egun dituen 51,9 kmampsup2;-ak honela banatuta geratuko lirateke sortuko liratekeen bi udalerri berrietan: Itziarrek 48 kmampsup2; hartuko lituzke (%92,5) eta Debak 3,9 kmampsup2; (%6,5).

Kontuan hartzen badugu biztanleria nola dagoen banatua, hau da, Itziarrek 1.032 biztanle dituela eta Debak 3.985, lurraldearen banaketa proportzioz kanpo geratzen da Itziarren alde.

2) Egindako azterketa historikoan ikusten da Itziar ez dela inoiz izan Debatik kanpoko udalerri independentea eta Deba, une historiko bakoitzeko arazo jakinak tarteko direla ere, gaur egun arte udalerri bakar bat osatuz bizi izan den komunitatea dela.

3) Badirudi bereiztu nahiaren oinarria bi osagai ezberdin batzuetan antagonikoak ere diren osagaiak izatea dela, hiria eta lurra alegia, eta azken horretakoek udalerri independentea eratzeko interesa dutela.

Baina, nolanahi ere, egiten den biztanleriaren banaketa aztertuz gero zera ikusten da: Itziarren, egoera berrian, industria eta zerbitzu sektorea dela nagusi nekazaritzakoaren aldean, eta Itziarko biztanleetan %64 industria eta zerbitzuen alorretako zereginetan ari dela lanean, eta %28 nekazaritzan.

Era berean, etorkizunari begira ere badirudi jarduera haiek nagusitzen joango direla nekazaritzaren kaltetan.

Horregatik, esan daiteke nahi den bereizketa egiteko oinarria izan beharko luketen onura publikoaren arrazoi iraunkorrak ez direla zuritzen espedientean.

B) Biztanleria eta Lurralde Mugaketako Erregelamenduaren 6. artikuluak, 3.arekin lotuta eta 8.arekin bat etorrita, ezartzen duen bigarren beharkizuna zera da: udalerri berriak eta jatorrizkoak behar adina baliapide ekonomiko izatea eta eskainitako zerbitzuen kalitatearen kalterako ez izatea.

Horri dagokionez, bidalitako dokumentazioa ikusita eta Zerga eta Finantza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak dituen datuak aztertuta, hain zuzen ere horrek 1994ko apirilaren 6an egindako txostenaren arabera, Itziarko udalerria ekonomikoki bideragarria izango litzateke eta zorpetzeko ahalmen haundia izango luke, Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak beren gain inbertsio berriak hartu beharko lituzketen arren.

Debako udalerriak, ordea, ez luke behar adina baliapide ekonomikorik izango funtzionamendu gastu arruntei aurre egiteko ere, eta ez luke inbertsio berririk egiteko aukera ere.

Ondorio gisa atera daiteke egin nahi den bereizketak Debako udalerria oso lurralde txikiarekin utziko lukeela eta, hortaz, ez lukeela inolako aukerarik izango auzo komunitate beregain gisa bizitzeko.

Aitzitik, jendez asetutako lo-hiria izango litzateke, etorkizunean ez ekonomian, ez hirigintzan, ez etxebizitzetan garatzeko inolako aukerarik gabea eta gastu arruntei beraiei ere aurre egiteko behar adina baliabide ekonomikorik gabea, horrek nahitaez gaur egun auzotarrei eskaintzen dizkien zerbitzuetan murriztea eta kalitatea galtzea ekarriko lukeelarik.

Horrek denak eskatzen den bereizketa ezestera bultzatzen du.

Irailaren 26ko 10/1994 Foru Araua, Itziar Debako udalerritik bereizteko eta udalerri berria eratzeko eskaerari buruzkoa onartu ondoren, Itziar Debatik Bereizteko Batzordeak berjarpen-errekurtsoa jarri zuen haren aurka.

Errekurtso hura zati batean onartu egin zen, Estatuko Kontseiluari eskatu beharreko irizpena omititu zelako, foru arauaren nulitatea deklaratu zen eta Foru Aldundiari derrigorrezkoa den irizpen hura eskatzea agindu zitzaion.

Tramitea egin ondoren, Estatuko Kontseiluak bere irizpena eman du 1995eko apirilaren 6an, eta irizpenaren arabera ez da bidezkoa Itziar Debako udalerritik bereiztea udalerri berria sortzeko.

Horregatik guztiagatik, Gipuzkoako Batzar Nagusiek gaian eskumen osoa dutenez gero (...)

Euskadiko Autonomi Estatuaren 10.1 artikuluak, 37.3.c) artikuluarekin lotuta, eta, halaber, azaroaren 25eko 27/1983 Legeak, Autonomi Elkarte Osorako Erakundeen eta Lurralde Historikoetako Foru Erakundeen arteko harremanei buruzkoak, 7.a)3 artikuluan, martxoaren 24ko 4/1995 Foru Arauak, Gipuzkoako Udal Barrutiei buruzkoak, lehenengo xedapen iragankorrean, eta Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketari buruzko Foru Arauak, 6.1.j) artikuluan, xedatzen dutenaren arabera,(...)

Batzar Nagusi hauek, Foru Aldundiaren proposamenez, Foru Arau hau onartu eta xedatzen dute:

Artikulu bakarra: Ez onartzea Debako lurraldearen zati bat udalerritik bereizteko eta Itziar izeneko udalerri independente berri bat eratzeko eskaera, Itziar Debatik Bereizteko Batzordeak Debako Udalaren aurrean mila bederatzirehun eta laurogeita hamabiko uztailaren hogeita hamarrean aurkeztua eta aipatutako Udalak tramitaturikoa.

Xedapen indargabetzailea: Indargabeturik geratzen da irailaren 26ko 10/1994 Foru Araua, Itziar debako udalerritik berizteko eta udalerri berria eratzeko eskaerari buruzkoa.